Donostiako Udala

Donostiako Udala
Aniztasuna 2013/09/13 | 0

Europako hedabideak aniztasunaren inklusioa sustatzeko lanean ari dira egunotan Aieten

Europako Batasunak eta Europako Kontseiluak komunikabideen alorrean aniztasun inklusioa sustatzeko topaketak antolatu dituzte (Mediane). Aieteko Kultur Etxean egiten ari diren topaketa hauetan nazioarteko 40 kazetari ari dira parte hartzen egunotan.

Mediane

“Gaur egun, Europan oso gutxi ikusten diren pertsona gehiegi daude”. Ideia hori oinarri hartuta jarri dituzte martxan topaketak. Izan ere, batzuk oraindik ikusezinak dira pantailetan. Edo, are okerragoa dena: “talde horiek hedabideetan agertzen direnean, oso funtzio zehatzak betetzen dituzte, eta gai oso mugatuei lotuta ageri dira”. Gauzak horrela, “hainbat talde ia ikusezin diren neurrian, ahotsa ukatzen zaie eztabaida demokratikoan”. Erabiltzen dituzten iturrien bidez —hautatutako pertsonak eta hautatutako tratua—, hedabideek eragina dute gaur egungo eztabaiden programan (zertan pentsatzen da) eta publikoaren pertzepzioan (nola pentsatzen da).

Horregatik, Europako Batasunak eta Europako Kontseiluak batera eginiko Mediane ekimenak —Europako hedabideak aniztasunaren integrazioari begiraerabaki du hedabideen gaitasunetan eta trebetasunetan arreta jartzea, “gaur egungo europar gizarteen aniztasunari erreparatzeko eduki mediatikoen ekoizpenean eta diseinuan; batik bat, iritzi publikoa eratzen duten albisteetan”.

Medianek aniztasuna eta ez-bazterkeria hartu nahi ditu aintzat. Horretarako, hedabideei eta haien profesionalei (kazetaritzako ikasleak eta irakasleak, kazetariak, hedabideetako zuzendariak, etab.) “jarduera profesionalak partekatzera konprometitzeko aukera ematen die, kazetaritzari, gestio editorialari eta ekoizpenari buruzko gaikako topaketetan”.

Medianek hedabideei eta profesionalei laguntzea proposatzen du, “aniztasuna integratzeko printzipioen gainean kontzientziatzea, baterako ekoizpen eta banaketa ekimenen bitartez, eduki mediatiko benetan barneratzailea ekoizteko modu berritzaileak sortzeko helburuarekin”. Hala, estaldura mediatiko barneratzailea emango duten hedabideetako profesionalen Europako sare bat sortzen lagunduko du, “eduki mediatikoa aberasteko eta, aldi berean, pertsona guztien parte-hartzea ziurtatzeko eztabaida publiko eta demokratikoetan”.

Arazoari buruzko zenbait zifra

  • Europan, emakumeak albisteen heren batean baino ez dira agertzen, Europako biztanleen erdia baino gehiago diren arren (GMMP, 2010).
  • Europako Batasuneko biztanleen % 10 etorkinak dira (EUROSTAT, 2011). Albisteen aktore nagusien artean, ordea, ia ez dira %5era iristen (Ter Wal, 2004).
  • Lesbiana, gay, bisexual eta transexualak diren pertsonak Erresuma Batuko biztanleen %6 inguru dira, baina pantailako aktoreen %1 eskasa osatzen dute.
  • Erresuma Batuan, biztanleen %20k ahalmen urria dute, baina hango telebistan %1 baino gutxiago agertzen dira (CDN 2009-10 Progress Report).
  • Belgikan (CSA, 2012), ahalmen urriko pertsonek bigarren mailako paperetan agertzen jarraitzen dute, eta soilik urritasunari lotutako gaietan.
  • Frantzian (CSA, 2008), telebistako albiste guztietako aktoreen %19 gutxiengo etnikoetako kideak dira; haatik, hori soilik kirolei eta musikari buruzko albisteetan hautematen da, eta oso bakanetan politika, gizarte eta ekonomiako berrietan: hauek heren bat baino gehiago dira, eta besteak ez dira %10era iristen.
  • Europan, oro har, (Ter Wal, 2004) gutxiengo horiek politika albisteetako aktoreen %5 baino gutxiago dira, eta emakumeak ez dira %5era iristen, ekonomiari eta zientziari buruzko albisteen aktoreen artean.

Denontzat erronka

Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkateak, ongi etorria eman die gaur goizean kazetariei ponentzia batean parte hartuz.

mediane 053

Alkateak nabarmendu duenez, “erronka bat da guztiontzat. Benetako integrazio bat lortzeko asko dago egiteko, pertsona guztien eskubide sozial, zibil eta politikoak bermatzeko, eta denon eskuetan dago hori, baita zuen eskuetan, kazetarien eskuetan, izan ere, iritzi publikoan eraldaketa etorriko bada zuen lanari esker ere izango da”. Bide horretan urratsak ematera eta elkarlanean aritzera animatzen ditu hedabideetako profesionalak.

Bestalde, Naiara Sampedro Donostiako Udaleko Kultura Aniztasunaren Ataleko zinegotziak gogorarazi duenez, oraindik lan asko dago egiteko, baina topaketak bide horretan lagunduko dutela uste du: “Ondo dakigu kontzientziazio eta sentsibilizazio lan handia egin behar dela oraindik, benetako berdintasuna eta benetako gizarteratzea bermatzeko. Eta, horretarako, kultur artekotasunean sinetsi behar dugu, hau da, jatorri desberdineko pertsonek, inguru berean bizi direla, gauza positibo asko jartzen dituztela komunean. Kultur aniztasuna balio bat da. Denok horrela pentsatzen dugun egunean, mundua desberdina izango da. Espero dut topaketa hauek horretarako balio izatea“.

, , , , , , ,